Nire izenean (ere) BAI!
Gipuzko webgunean agertzen da idatzi hau.
NIRE IZENEAN BAI
Luis Bandres,Xabier Ezeizabarrena,Baleren Bakaikoa, Jose Manuel Castells, Jon Gurutz Olaskoaga eta Pedro Ibarra.
Horrela esaten zuen hilaren 13an Bilbon izan zen manifestazioan parte hartu zuten batzuek eramaten zuten pegatinak. Bertan Bakearen eta Elkarrizketaren Alde lelopean elkartu ginen batzuek ez genuen ikusten geroago erantsi zitzaion ETAri indarkeriaren amaiera exijitzen diogu leloaren beharra, nahiz eta eskaera horrekin ados izan, baina gure ustez mezu hori «Bakearen alde» hitzetan etorri bazetorren. Dena dela, esandako manifestazio horretan elkarrizketaren aldeko eskaera nabaria zen eta elkarrizketak, oker ez bagaude, behintzat, hitz egin esan nahi du, hau da, arazo bat dagoenean, eta arazoa egon badago, egoera hori zuzentzeko hitzen bideari heldu behar zaiola eskatzen genuen. Baina, nortzuk hitz egin beharko dute? Arazoaren konponbidean zeresanik dutenek, noski, eta horien arten Batasunaren munduko kideak daudelakoan gaude. Beraz, Lehendakariak esandako mundu horren kide batzuekin hitz egin duenean, egin behar zuen zerbait baino ez du egin, hau da, bere karguari dagokion zerbait; gainera, egingo ez balu egindakoa kargu hartzeko modukoa izango litzateke eta berak Lehendakaritza eskuratzeko gure botoa eman diogun batzuek hurrengorako birpentsatuko genuke.
Baina, Lehendakariak goian esandakoa egiteagatik, hots, hitz egiteagatik, elkarrizketa izateagatik delitu bat egin duela edo horretarako susmoa badagoela dirudi eta hilaren 31n epaile baten aurrean adierazpenak egin beharko ditu. Zeresanik ez, epaile hori ez da herriaren botoen bidez aukeratua izan, Lehendakaria izan den bezala, eta bere kargua ez du periodikoki berrizendatua izan behar, Lehendakariarena lau urtean behin izan behar den moduan, bere lan horretan jarraitu nahi badu, behintzat. Honela, hau da, botoen bidez, ikusiko litzateke Lehendakariak egindakoekin herria ados dagoen ala ez.
Zer pentsatuko luke egoera aldrebes hau ikusita Zuzenbide Estatuaren sortzaileak, Montesquieuk? Berak, XVIII. mendean bere Legeen Espirituari buruz liburua idatzi zuenean, bertan Estatuaren hiru botereak adierazi ondoren, Legegilea, Betearazlea eta Judiziala, beraien arteko independentzia aldarrikatu zuen, Zuzenbide Estatuaren berme bezala. Bestalde, eta jauntxoen aldeko trikimailukeriekin bukatzeko, Estatu zuzen baten oinarrian Justiziak denontzat berdina izan behar zuela argi eta garbi uzten zen. Hemen, aldiz, Estatuaren ordezkariek ETArekin, berarekin, hitz egiten duten bitartean (egin behar duten moduan) ez zaie ezer leporatzen (eta ongi dago) edo Patxi Lopezek Batasuneko kideekin hitz egiten du eta ez da ezer gertatzen (izan behar den bezala), beste Gobernu bateko, Eusko Jaurlaritzako, goi buruak, hots, Lehendakariak horiekin hitz egiten badu «Justizia» martxan jartzen da, eta hitza komatxoen artean ipini dugu Justizia baino gehiago epaile bat edo besteren irakurketa berezia delako, nahiz teorikoki bere izenean aritu.
Honi buruz ez da alferrik izango puntu bat edo beste gogoratzea. Botere Betearazlearen kideek Parlamentuaren kontrola daukate gainean edo parlamentariek noizean behin beren aulkiak herriaren aurrean jarri behar dituzte eta honek botoen bidez erabaki bat edo beste hartzen duen bitartean, Botere Judizialekoek legeen irakurketa egiten dutenean «Jainkoaren eta Historiaren aurrean» (denok ezagutu dugun batek esaten zuen bezala) daukate erantzukizuna. Eta ez dugu ahantzi behar epaileak gu bezalako pertsonak direla, beren jatorriarekin, beren historiarekin, beren pentsaerarekin eta beren iritzi politikoekin, eta orain dela gutxi alderdi politiko baten buruak gogoratzen zuen bezala, Botere hori da trantsizio politikoa izan ondoren, egituren aldaketa demokratikoa egin ez duena. Beraz, Zuzenbide Estatu baten egiturako oinarri baten, hots, Botere Betearazlearen buruaren, hau da, Lehendakariaren kontra beste Botere bateko kide bat aritzen denean, guretako batzuek funtsean justizia baino gehiago politika dagoela pentsa dezakegu.
Baina, botereen arteko lehia absurdu honen azpian lege absurdu bat dago, Alderdien Legea, hain zuzen. Lege honen bitartez hiritarren multzo handi bat esparru politikotik kanpo utzi nahi izan dute, eta artikulu honen egileek beste nonbaiten adierazi zuten bezala «Rodriguez Zapateroren Gobernuak Madrileko Parlamentuan Alderdien Legea bertan behera uzteko gehiengo aski baduela jakin badaki. Sistema judizialeko zenbait instantziatatik garatzen den parafernalia boikotatzailearen parte handi baten oinarria beren betekizuna Alderdien Legea bete araztea baino ez dela da. Ongi ba, bertan behera utzi dadila lege hori edo asmo hori adierazi eta ez da aitzakia hori izango!». Honela, besteak beste, hemen aipatu dugun arazoa desagertuko litzateke eta gizarte demokratikoago bat izango genuke.
Horregatik, eta Bakea lortzen ez den bitartean, Lehendakari, zangotraba guztien gainetik, oztopo guztiak alde batera utzirik jarraitu behar duzu elkarrizketekin, jarraitu behar duzu hitz egiten eta gutxienez lan hau izenpetzen duguneko bakoitzak hori egiten duzun bitartean zera esan nahi dizugu: «Nire izenean, bai!»
No hay comentarios:
Publicar un comentario