Jon Jauregiren Agerraldi Osoa

Gipuzko webgunetik:

Egunon.

Zuen baimenarekin zerbait esan nahi nuke, nire jabegoaren egoerari buruz sortu diren zalantzak publikoki argitzeko helburua duen agerraldi hau hasi aurretik.

Ez diot inori desio, nire gertukoak eta ni jasaten ari garen lintxamendu politiko eta pertsonalaren antzekorik. Politikaren miseriek eta Eusko Alderdi Jeltzalearen hautagai moduan hartu dudan ardurak, nire esparru pertsonalekoak diren kontuen berri ematera behartzen naute, nire sendiaren eta neronen pribatutasuna alde batera utzita.

Beraz, komunikabideen aurrean agertzen naiz, Iritzi Publikoaren baitan sortua izan den nahasketa argitzeko. Horrekin batera azpimarratu nahi dut uste osoa daukadala, gaizki-esanen eta gezurraren aldeko apustua egin duten horiek ez daukatela tokirik euskal politikagintzan.

Gaur hemen agertu zareten komunikabide guztiei eskerrak eman nahi dizkizuet etortzeagatik. Agerraldi honen helburua, SER kateak egin dituen salaketa faltsuak euskal eta gipuzkoar Iritzi Publikoari argitzea da. Salaketa horien arabera, nik ez omen dut nire jabego osoa aitortu eta, gainera, aipatutako medioaren iritziz tarte laburrean, nire ondarea nabarmen hazi omen da.

Guzti honen aurrean, nire zerga-betebeharrei beti erantzun diedala baieztatzen dut.

Inoiz ez dizkiot nire ondasunak ezkutatu Ogasunari.

Hori frogatzeko, dagozkion administrazioen aurrean nire betebehar fiskalei beti erantzun diedala ziurtatzen duten agiriak aurkezten dizkizuet: alde batetik, Gipuzkoako ogasunean 2005eko urteko ekitaldian Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan aitorturiko mugiezinen ziurtagiria (lau etxebizitza aipatzen dituena) eta, bestetik, frantziar ogasunean 2005ean aitorturiko bertakoak ez diren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (bertan, Ziburun dagoen bosgarren etxebizitzaren alokairuaren bidez jasotako errentak aipatzen dira).

Agiri hauen azterketatik zalantzarik gabe ondoriozta daiteke, azken zerga-aitorpena egin nuenean, nire izenean zeuden ondasunak Ogasunaren aurrean aitortzeko betebeharra goitik behera bete nuela.

Argitu nahi dizuet, gure izenean dauden etxebizitza bat ez dela aipatzen esandako agirietan, 2006ean erosia izan delako eta, beraz, urte horri dagokion ekitaldiaren aitorpenean aipatuko dugulako.

Ondoren, nire ondare-egoera aurkeztuko dizuet:

1. Nire emaztea eta biok 5 etxebizitzen jabe gara %50ean. Gainera, nire anai-arrebekin batera, beste etxebizitza baten laurdenaren jabe naiz.

2. Azken etxebizitza hau, nire gurasoek bizirik emandako dohaintza baten fruitu da, eta une honetan beraien ohizko etxebizitza da Beasainen.

3. Bost etxebizitzek egun jasaten duten zor edo hipoteka zama (eurak erosteko balio izan zuena), 1.131.485 eurotakoa da (188.263.263 pezeta), eta horrela jasotzen da eskaintzen dizuegun banku agirian. Bertan ikus daitekeen bezala, diru kantitate horretatik 523.000 €, zubi-mailegu bati dagozkio, eta azken hau 2007ko urriaren 3a baino lehenago ordaintzeko konpromisoa daukagu. Horretarako, aipaturiko etxebizitzetatik bi saldu beharko ditugu, horietatik bat Jakakoa (geroago aipatuko dudana). Beraz, epe laburrean nire egiazko ondarea hiru etxebizitzatakoa izango da.

4. Geure gain hartu dugun zor garrantzitsuak, jasotako alokairuek eta gure lan errentek osatzen dute gure jabegoaren finantzaketaren iturria.

5. Gaurko egunean Jakako etxebizitza salduta dago, eskritura emateko zain.

6. Bigarren etxebizitza bat saltzeko prozesuan dago.

7. Beraz, nire ondarearen egoera, epe laburrean, hiru etxebizitzatakoa izango da, 480.809 €-tako zorra aurreikusten dugularik (80 milioi pezeta).

8. Hiru etxebizitza horietatik bat, Beasaingo gure ohizko etxebizitza da, 85 metro karratutako pisua. Gainontzeko biak alogeratuak daude eta euren bitartez 1.562€ (260.000 pezeta) jasotzen ditugu hilean (hauek ere zehatz-mehatz aitortzen ditugu).

9. Bi etxebizitzak saldu ondoren, hogeita hamar urtera daukagun zor horren hileroko kuota 2.100€-takoa izango da (350.000 pezeta). Diru kopuru horri, aipatutako alokairuekin eta nire emaztea eta bion lan-etekinekin egingo diogu aurre.

Hauxe da, beraz, nire eta nire sendiaren ondarearen egoera; bere garaian etorkizunari begira egin genuen inbertsio egitasmoari erantzuten dion egoera. Nire alderdiak ezagutzen zuen (eta duen) egoera, eta legearen barnean argi eta garbi kokatzen dena.

No hay comentarios: