Astetik Astera (2007-10-05)

Gipuzko webgunean.

Espero bezala, euskal gatazka soluzio bidean jarriko duen proposamenari erreakzioek nagusitu dituzte informazio gune guztiak joan zaigun aste honetan guztian. Legebiltzarrean Lehendakariak bere ibilbide orriaren berri eman eta hurrengo egunerako Estatu mailako egunkari guztietan zen berria lerro buru. Eta horietan eta editorialetan agerian utzi dute proposamenaren aurrean, Lehendakariak etikoa, demokratikoa eta legala guztiz jo duen proposamenaren aurrean, izango duten jarrera: Berriak "2008ko urriaren 25erako jarri du Ibarretxek galdeketaren erronka" dio, DEIAk "2008ko urriaren 25a, data jarri dio Ibarretxek, herri galdeketari data, bere ibilbide orrian", Noticias de Gipuzkoak "Ibarretxek galdeketa 2008ko urrian finkatu du eta Zapatero deitu du hitzartzera", GARAk "Ibarretxek hitzarmenera deitu du Madril 2008ko galdeketaren aurretik", DVk "Ibarretxek urriaren 25a finkatu berri du herri galdeketarako akordiorik egon edo ez dagoen arren", Correok "Ibarretxek data jarri dio bere norgehiagoka berriari: 2008ko urriaren 25a", El Paisek "Ibarretxek data jarri dio bere Estatuaren aurkako instituzio norgehiagokari", El Mundok "Ibarretxe Estatuarekiko leian, Espainiaren zatiketarako legez kanpoko bidea hasita", eta ABCk "Ibarretxe, estatuari norgehiagoka". Hauek izan ditugu irailaren 29ko irailaren lerro buru nagusi.

Osoko bilkuraren egun horretan bertan egin ziren adierazpen ugarien artetik, Rodriguez Zapaterorenak dira azpimarragarri: "Ibarretxeren esanak entzungo ditut -zioen- berak ere ordea, entzungo ditu nireak; ezer ez da egingo konstituzioari errespetuzkoa ez zaionik". Eta hauek txikienak..., ondorengoenak -Espainiako gobernuko ordezkarienak eta PSOEren kideenak- baitziren tonoz gora joanak, iraina botatzera ere iritsita: "burutik egindakotzat" jo dute eta "bertan behera eginda utziko dutela" agindu. "Legea izango dutela bide", "legea...", galdeketa ezeztatzeko aipatu du zenbaitek eta besteren batek, Bonok berak, ez du inolako eragozpenik izan, "epaitegiak, konstituzioa eta polizia" bera aipatzeko "galerazle".

Hirukoak eta baita Aralarrek ere Lehendakariaren proposamena berea egin dute, espera legez. Salbuespenekoak izan ditugu Azkunaren esanak, uste izan baitu "aurrera ezin egingo duela proposamenak, eta etsipena duela ekarriko".
Eta proposamenari esan zaizkionak hain izan dira gezur handi, Lehendakariak berak eskatu baitzuen lasaitasuna joan den astearteko prentsaren aurreko agerraldian. Eta lasaitasuna eskatzearekin batera, ibilbide orriaren azalpenak eman zituen berriro ere. Halaber, Monkloari elkarrizketarako eskaria luzatu diola adierazi zuen; eta berriro ere azpimarratu, Espainiako presidenteari egiten ari zaion proposamena egiazkoa dela guztiz. Handik ordu batzuetara, Espainiako gobernuaren presidentziatik jakitera eman zen Zapatero eta Lehendakariaren arteko topaketarako data: datorren urriaren 16a.

Eta Araba Buru Batzarreko presidente denak esan bezala, iritsiak zaizkigu zenbaitzuk txantajera; PSOEk esana baitu kutxen bat egitea geldituta dela, aurrezki kutxetako hiru presidenteen irizpideen aurka -zeintzuek jendaurrean gogora ekarri zuten, kutxen bat egite prozesuak atzera ezina eta berehalakoa behar zuela- eta halaber, alderdi honek (PSOEk) zalantzan jarri bide du Arabako Aldundirako aurrekontuei bere babesa.

Batasunako burukideen atxiloketa -horietariko asko mahai nazionaleko kideak- asteak eman duen berria ere izan da. Asteazkenean polizia nazionalak Joseba Alvarez mahaikidea eta Oihane Agirre amnistiaren aldeko kidea atxilotu zituen Garzon epailearen aginduz, joan den irailaren 9an Donostiako Boulevardeko manifestaldian parte hartzeaz leporatuta. Bi egunetara, ostegunaren ilunabarrean, berriro ere polizia nazionalak, oraingoan Seguran, Batasunako 22kide zituen atxilotu. Horien artekoak dira: Joseba Permach, Juan Joxe Petrikorena eta Rufi Etxeberria. Gutxi dira egun, kartzeletatik kanpo dauden mahaikideak, lehenago ere, Otegi eta Olano baitzituzten hartu. Argi dago oso, PSOEk honekin guztiarekin garbi utzi nahi duela Ezker Abertzalearekiko hesia estututa duela zeharo, su etenaren haustura dela eta, PSOEren erantzuna, erakunde armatutik urrunago joan baita, mugimenduaren buru politikoarenganaino. Hauek guztiak Lehendakariak euskal gatazka soluzio bidean jartzeko egin duen agerraldiaren hurrengo astean gertatu dira, deigarria oso atxiloketak egiteko aukeratu duten momentua..., eta susmagarria zaigu oso, egiazko arrazoia: Ibarretxeren bidea estali nahian ote dabiltza eta etorkizun hurbilerako adostasunak zailtzen?

Euskal politika gori-gori dago berriro ere. Egoera lasaixeagotan lehentasunekoak ziratekeen gaiak, Alderdi Eguna, ETAren Zutabe berria, Kataluniar independentistek erre berri dituzten Espainiako errege-erreginaren argazkiak...bigarren mailan zaizkigu gelditu.

No hay comentarios: