Ahalegin berezia egin behar dugu elkarrizketaren bideari egiteko

Jon Jauregi-ren elkarrizketa Gipuzko webgunean

Bakea eta normalizazio politikioaren alde lanean jarraituko duela adierazi du, esperantzaz beteta, Gipuzkoako Ahaldun Nagusitarako hautagaiak

Egoera nahasi egin dela onartu arren, baikor agertu da Jon Jauregi (Beasain, 1964) irtenbideez hitz egiterako orduan. Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko bera da hautagaia EAJ alderditik.

Eztabaiden artean izan zara aukeratua. Nola egin diozu aurre egoerari?

Alderdiaren barruan eztabaidak egotea beti da aberasgarria. Hautatze prozesu bat izan da eta nire hautagaitzak alderdiko ordezkaritzaren %95 lortu du. Horrek ilusioa egiten dizu erronka berri honi aurre egiteko.

Politika orokorrari begira bake prozesua atzeraezina bihurtzea eta alderdi politikoen arteko akordioa aipatu dituzu erronken artean. Nola bermatuko duzu hori?

Egoera zaildu egin da baina gure helburua herri honen bake bideratzea lortzea da eta bizi dugun arazo politikoari konponbidea emateko alderdien arteko elkarrizketaren alde lan egingo dugu. Dena dela, euskal erakundeek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere konponbidearen alde egin behar dute lan.

Maiatzeko hauteskundeetan alderdi politiko guztiek izango dute parte hartzeko aukera?

Nik uste dut hauteskunde guztietan alderdi politiko guztiek izan behar dutela parte hartzeko aukera eta eskubidea. Egun indarrean dagoen alderdi politikoen legea ez da justua, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko herritarren zati bat ordezkaritza politikorik gabe uztea ez delako bidea. Momentu honetan bizi dugun unea gaindituz ahalegin berezia egin beharrean gaude elkarrizketaren bideari ekin eta konponbiderako baldintzak jartzeko. Edozein kasutan, gizartea ordezkatzen duten alderdi politiko guztiekin eta eragile politiko guztiekin hitz egiteko konpromisoa hartu genuen.

Hauteskundeetara EAJ eta EA banatuta aurkeztuko direla dirudi. Zertan eragingo du indar banaketa horrek?

Gure nahia hasieratik EArekin batera joatea zen, baina ikusi egin beharko da. EAk kongresu bat dauka deituta zer egingo duten erabakitzeko; barne prozesu hori errespetatu behar da, baina nire borondatea da EAJk eta EAk ahalik eta lankidetzarik sendoena burutu behar dutela herri honen mesederako. Hori da garrantzitsuena.

Bake prozesuaren barruan bi gertakari nagusi gertatu dira azken hilabetean. ETAk eginiko atentatua eta egun gutxira kaleratutako agiria. Zeren isla da hori?

Nik uste nahitaez atentatuak ETAren eta Gobernuaren arteko elkarrizketa bertan behar utzi duela, baita normalizazio politikoa helburu duen alderdien arteko elkarrizketa ere. Aldi berean, ETAk komunikatuan esaten du su-eten iraunkorra ez dela apurtu, baina nik uste epe motzean alderdien arteko elkarrizketaren oinarrietako bat den konfiantza hori galdu dutela, eta dinamika hori berreskuratzea kostako da. Gainera, ETAk egin duen atentatua giza lege ikuspegi batetik onartezina da eta ezker abertzalearen proiektu politikoari ere kalte egin dio. Edozein kasutan, bakea eta normalizazio politikoaren alde lanean jarraitu behar dugu eta nire iritzia da arazo hau ezin dela konpondu elkarrizketarik gabe.

Larunbateko manifestazioak argi utzi zuen, ordea, alderdien arteko banaketa.

Bai. Dena dela, nik uste dut gizartearen gehiengo batek ondo ikusten duela konponbiderako tresna elkarrizketa izatea. Bake bidean giza eskubide guztiak errespetatu behar direla ere defenditzen du gehiengo batek. Manifestazioak gizartearen babesa jaso zuen eta arreta piztuko du alderdi politiko guztiengan.

Goierrira etorriz, Abiadura Handiko Trenak zein paper beteko du eskualdean?

Abiadura Handiko Euskal Trenbide Sare berriak Euskal Herriko lurraldeak batuko ditu, eta gure herria Europa, Espainia eta Portugalekin elkartuko du. Euskal Herriaren nazio garapenaren ikuspegitik oinarrizko azpiegitura da eta aurrerapausoa ikuspegi sozioekonomiko eta politiko batetik. Gainera, azpiegitura horrek ziurrenik Ezkio-Itsason geltokia izango du, eta nik uste oso garrantzitsua izango dela Goierriren garapenarako.

Kezka eta haserrea piztu du, ordea, goierritar askorengan.

Postura guztiak dira errespetagarriak, baina badago gehiengo nagusi bat proiektu honen aldekoa dena. Beharrezkoa da denek hitz egitea. Erabakia hartua dago baina proiektua modu egokian garatzeko komunikazio ahalegin berezia egin behar litzakete erakundeen aldetik.

Zu goierritarra izanik, esaiguzu zein den Goierriren lekua Gipuzkoaren osotasunaren barruan.

Gipuzkoa osatzen duten bailaren artean dinamikoa eta eraginkorra da Goierri. Gipuzkoak duen berezitasun positibo bat bere lurralde oreka da, eta gure apustu politikoaren oinarrietako bat izango da gure zereginetan oreka hori mantentzea ahal den neurrian. Bestalde, herri txikiak eta bailarak dira Gipuzkoak bizi dituen arazo askori aurre egiteko gunerik egokienak: euskararen garapena, euskal kulturaren sendotzea, integrazio soziala... Guk uste dugu Goierrirekin batera beste bailarak eta herriak kontuak izanik osatu behar dela lurraldea.

Euskarari helduz, komunikabideen papera nolakoa da euskararen normalkuntzan?

Nik ez dut inolako dudarik gai honetan. Komunikazioaren eta informazioaren gizartean komunikabideek eguneroko errealitatean duten izugarrizko eragina kontuan hartuta euskararen normalkuntza prozesuan oinarrizko tresna bilakatu dira. Oso garrantzitsua da euskara erabiltzen duten komunikabide horiek ahalik eta pluralenak izatea, ahalik eta herritar gehienengana iristea eta eskaintzen duten produktua kalitatezkoa izatea.

Euskal komunikabideek, ordea, behin baino gehiagotan salatu dute diru laguntzak ez direla nahikoak.

Euskararen normalkuntza prozesuan ildo asko daude landu beharrekoak eta kasu honetan euskarazko hedabideek urtetik urtera erakundeen aldetik jasotzen duten dirua igo egin da, eta hori da etorkizunean jarraitu beharreko bidea.

Arlo sozialari begiratuta zein lehentasun dituzu?

Foru Aldundiaren zutabeetako bat beti politika soziala izan da eta horrela izaten jarraituko duela garbi daukagu. Gizarte errealitatea abiadura handian ari da aldatzen eta horren ondorioz premia berriak sortzen dira. Legealdi honetan izan da lehen aldia gastu sozialetara bideratu den diru kopurua aurrekoetan baino altuagoa izan dela.

Alargunentzako pentsio duinak eskatzeko, ordea, elkarretaratzea deitu du urtarrilaren 23rako Goierriko Plataforma Sozialak.

Gastu sozialak gehitzeko ardura Foru Aldundiak du eta baita guk ere, noski. Dudarik ez dago horrelako egoera bati aurre egiteko hauek planteatzen dute aldarrikapenari aurre egiteko elkarrizketa dela tresnari egokiena irtenbide egokia aurkitzeko.

Politikari lotuta

Gaztetatik politikari estuki lotuta egon da Jon Jauregi beasaindarra. Eusko Alderdi Jeltzaleko eta EGIko kide egin zenetik Euskal Herriko politika lehen pertsonan bizi izan du.

Erronka politikoen artean aipagarrienetakoa 1995. urtetik aurrera burutu zuena da. Aurreko lau urteetan zinegotzi izan ondoren, Beasaingo alkate aukeratu zuten eta ardura horretan jardun zuen 2003ra arte.

Bitarte horretan Udalbiltza sortu zenean berari eman zitzaion Euskal Herriko Hautetsien Biltzarra gidatzeko lana. Udalbiltzaren lehenengo presidente aukeratu zuten 1999. urtean.

Bere udal agintaldia bukatutzat eman zuen 2003an, eta politikaren arlo publikoa uztea erabaki zuen orduan. Hala ere, bere nahia bete aurretik, alderdiak eskatuta, aldi txiki bat bete zuen Madrilen Diputatuen Kongresuko kide bezala. Arlo publikoa bai baina barne militantzia ez zuen utzi Jauregik. Horren adierazgarri 2004ko maiatzean Gipuzkoako alderdikideek Gipuzko Buru Batzarreko kide izendatu izana.

No hay comentarios: